Accessibility Tools
Skip to main content

Author: David Tainta

KLk 2025-2030 Plan Estrategikoan integratzen ditu GJHak

KL katealegaiak 2025-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu du, erakundeko 90 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten prozesu parte-hartzaile baten emaitza. Plan honek bost jarduera-eremu nagusi zehazten ditu: industria-posizionamendua, merkataritza-garapena, enpresa-kultura eta konpromisoa, enplegagarritasun-ibilbideak eta erakundeen arteko lankidetza.
Berrikuntza nabarmen gisa, planak zeharka integratzen ditu 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH). Ildo estrategiko bakoitza GJH espezifikoekin lerrokatuta dago, eta KLk garapen iraunkorrarekin eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzearekin duen konpromisoa indartzen du.
Planaren helburua da KL erreferentziazko industria-hornitzaile gisa sendotzea, elektromugikortasuna bezalako sektore berriak bultzatzea, enplegagarritasuna sustatzea eta bere gizarte-misioa agerian uztea, aliantzen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez.
Ibilbide-orri berri horrekin, KL katealegaiak sendotu egiten du industria inklusiboagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko asmoa.

Nagore Lanberri: “Lehen aldiz lan egin ahal izan nuen nire ezgaitasuna ezkutatu gabe, eta horrek askatasuna eman zidan”

Zein izan zen zure esperientzia KL-n, Seyprel-en lanean hasi aurretik, Enplegu Lagunduko (ECA) programaren bitartez?
KL-n izandako esperientzia oso ona izan zen, nahiz eta ordutegiagatik langileekin gutxi batzuetan gurutzatu. Beti erraztasunak eskaini zizkidaten, medikura joan behar nuenean ere bai. Hurbiltasun eta gizatasun handiko tratu bat jaso nuen, eta hori asko baloratzen dut. Lehen aldiz lan egin ahal izan nuen nire ezgaitasuna ezkutatu gabe, eta horrek askatasuna eman zidan. Fibromialgia daukat eta beste lanetan ezkutatu egiten nuen, epaitua izateko beldurrez. KL-n, egunen batean herrenka nindoala edo gaizki sentitzen nintzenez joan egin behar nuela esan nezakeen, eta ulertzen zuten. Ulermen horrek neu izan ahal izatea ahalbidetu zidan, beldurrik gabe. Oso eskertzekoa da hori. Denbora batez lanik gabe egon nintzen arren, ez genuen kontaktua galdu, eta Seyprel-en aukera atera zenean, berriro lagundu zidaten. Jarraikortasun hori oso garrantzitsua izan zen niretzat.

Zer esan nahi izan du zuretzat ECA programaren bidez Seyprel-en lan egiteko aukera izateak? Nola izan zen zure egokitzapen prozesua lan berri horretan?
Nire bizitzako une oso gogor batean nengoen: ama galdu nuen, haren pisua nahitaez saldu behar izan nuen, eta nire etxeko maizterrek ez zuten alde egin nahi. Kalean ikusi nuen nire burua, norabide barik. Orduan, ia mirari modura, dena aldatu zen. Ezagun batek pisu bat eskaini zigun prezio onean, eta handik gutxira ECAtik deitu zidaten Seyprel-en elkarrizketa baterako. Denak oso azkar gertatu zen: egun gutxitan lanpostu bat nuen, nire etxea berreskuratu nuen, eta itxaropen berria sortu zitzaidan.

Seyprel-en lanera sartzea mugarri bat izan da nire bizitzan. Ezgaitasuna duen pertsona gisa, beti bilatu izan dut nire beharretara egokitzen zen lana: goizeko ordutegia, asteburu libreak, eta baloratua sentitzeko giroa. Hemen aurkitu dut hori. Lehen egunetik erraztasunak jarri zizkidaten, Mutrikutik joan-etorrian nenbilela ere bai, edo etxean lanak nituenean. Malgutasuna, konfiantza eta batez ere errespetua eskaini didate.

Lan honek ez dit soilik egonkortasun ekonomikoa eman; autoestimua ere berreskuratu dut. Baliagarria eta taldeko parte sentitzen naiz. Hilabete gutxi nituenean lanean, lankide baten ardura hartu behar izan nuen, eta horrek erakutsi zidan nire lana ikusten eta baloratzen dutela. Gaur egun, esan dezaket bizitza erabat aldatu didala, eta batez ere, bizitzeko gogoa eta poza itzuli dizkidala.

Nola lagundu dizu KL Katealegaiako taldeak Seyprel-en sartze prozesuan eta egunerokoan?
KL Katealegaiako taldea hasieratik izan da niretzat babes handia. Nahiz eta kontaktu etengabea ez izan, inoiz ez naiz bakarrik sentitu. Behar izan dudan bakoitzean, deitu eta entzun egin didazue. Kanpoko babes bat sentitzeak lasaitasuna eta segurtasuna eman dizkit prozesu osoan.

Zein aldaketa positibo nabaritu dituzu zure bizitza profesionalean eta pertsonalean ECA programari esker Seyprel-en lanean hasi zinenetik? Zer lan egiten duzu gaur egun?
ECA programari esker Seyprel-en hasi nintzenetik, aldaketa handiena autoestimuan nabaritu dut. Seguruago sentitzen naiz, buru-osasunez indartsuago, eta batez ere, pertsona eta profesional gisa baloratua. Horrek ez du soilik laneraginik izan; bizitza pertsonalean ere nabari da. Lehen, etxera emozionalki kargatuta iristen nintzen, laneko arazoekin. Orain, lanetik ateratzean deskonektatzeko gai naiz. Nire familiarekin, lagunekin egon, eta unean presente sentitzen naiz, laneko ardurarik gabe.

Hemen oso ondo tratatua eta errespetatua sentitzen naiz, eta horrek egun zailak ere arintzen ditu. Lasaitasun mentala berreskuratu dut. Aste Santuan, oporretan nengoela, norbaitek zapatak aipatu zizkidan eta, egunero saltzen ditudan arren, ez zitzaidan izena burura etortzen. Hori da benetako deskonexioa!

Halakorik inoiz ez nuen bizi izan. Baliagarria sentitu, errutina osasuntsu bat eduki, lankide onekin inguraturik egon eta lana eta bizitza pertsonala bereizi ahal izatea benetan baloratzen dut. Niretzat, horrelako lan bat izatea ez da soilik lan hobea izatea; bizitzeko moduan aldaketa bat da.

Gaur egun, Seyprel-en biltegian egiten dut lan: merkantzia jaso, antolatu eta bidalketak prestatu. Hasieran hiru lanpostu proposatu zizkidaten: vending makinentzako eskularruak manipulatu, furgonetan banaketak egin, eta biltegia. Hiruak probatu nituen, eta hasieran gutxien gustatu zitzaidan horretan geratu nintzen, eta gaur egun oso gustura nago. Lan fisikoa da, eta hasieran nekatuta iristen nintzen etxera. Min neukan zerbait esatea ere kosta egiten zitzaidan, jasateko ohituragatik. Denborarekin oreka lortu dugu: lankideek lan astunena egiten dute, eta nik antolaketan jartzen dut indarra. Oso talde ona gara eta gustura nago. Beti prest egon naiz behar dena egiteko, baina hemen nire tokia aurkitu dut.

Zer aholku emango zenieke ezgaitasuna duten eta ECA programaren bidez lana bilatzen ari diren pertsonei?
ECA programaren bidez lana bilatzen ari direnei, esango nieke ez daitezela beraiek mugatu saiatu gabe. Sarritan aukera bat ez dugula pentsatzen dugu, probatu gabe. Nik ez nuen inoiz pentsatu biltegian hain zoriontsu izango nintzenik, eta hemen nago. Beti saiatu behar da, eta ezinezkoa bada, orduan erabaki. Baina saiatu gabe, ez. Ostalaritzako lan bat ia baztertu nuen beldurrez… eta 16 pertsonako arduradun bihurtu nintzen. Ausartu egin behar da.

Halaber, jarrera positiboa duen jendez inguratu eta elkar animatzea oso garrantzitsua da. Denok ditugu une txarrak, baina garrantzitsuena da ez beheratzea. ECA programa oso positiboa iruditzen zait: ateak irekitzen ditu eta benetako laguntza eskaintzen du. Seyprel-en egunero ikusten dut hori. Gaitasun handiko jendea dago eta giro humanoa oso egokia da. Niretzat, bizitza aldatu didan aukera bat izan da.


Cristina Rojo (Seyprel-eko administratzailea): KLrekin eta Nagoreren egokitzapenarekin izandako esperientzia

Gure harremana KLrekin hornitzaile gisa hasi zen, lan arropak eta EPIak hornitzen hasi ginenean. Baina Cristina Matilla, enplegu lagunduko arduraduna, lanerako inklusio arloan elkarlanean aritzea proposatu zigun. Harrezkero (ia 10 urte dira), harremana bikaina izan da. KL-ekin lankidetzak lan-kontrataziorako prozesua errazten du: lanpostua eskaintzen dugunean, ECAko arduradunek hautagaia ezagutzen dute eta profilera egokitzen den ala ez badakite, bilaketa denbora murriztuz eta egokia izango den segurtasuna emanez.

Balio erantsia da prozesu osoan laguntzen gaituztela. Donostiako ordezkaritzan 18 pertsonako enpresa txikia gara, giro familiar eta hurbilekoa duena. Horrek langile berrien egokitzapena azkarrago eta gizatiarragoa izatea ahalbidetzen du. Lankideek dena hutsetik erakusten dute, eta eguneroko harremanak bilakaera naturala ahalbidetzen du.

Nagorerekin izandako esperientzia bikaina izan da lehen unetik, KLtik etorritako beste lankideekin bezala. Guztiek bikain egokitu dute eta talde finkatu baten parte dira gaur egun. Seyprel-en jende xumea eta hurbila gara; ez dugu exijentziarik, lankidetzatik lan egitea nahiago dugu. Horrek pertsonak eroso senti daitezen eta euren lanpostuan haztea ahalbidetzen du.

KL eta bere taldearen lana asko baloratzen dut, gure lana errazten baitute eta dakigulako sartzen den pertsona egokia izango dela normalean. Gure helburua beti izan da lan-kontratu mugagabeak lortzea, pertsonari eta enpresari egonkortasuna emateko. KL-rekin hori askoz errazago da. Beraz, gure eskerrik beroenak KL eta ECA programari.

visita a KL Zarautz

Iraunkortasun Departamentuaren bisita KL Zarautzera

Joan den astelehenean, 2025eko maiatzaren 19an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatu Jose Ignacio Asensio, Trantsizio Ekologikoko zuzendari Mónica Pedreira eta Zarauzko zinegotzi Inaxio Illarramendik bisita egin zioten KL katealegaiaren Zarauzko plantari.

Bertan, KL katealegaiak iraunkortasunaren arloan egiten dituen jarduerak eta elkarlan-aukerak aztertu zituzten: energia-auditoretzak, karbono-aztarna, mugikortasun-plana, eguzki-plakak, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) eta ekonomia zirkularra eta birziklapena (bateriatan eta beste hainbat arlotan).

Ondoren, KL Zarautz zentroaren ibilbidea egin zuten bertatik bertara ezagutzeko desgaitasuna duten pertsonen eta gizarteratze- eta laneratze-arriskuan daudenen proiektu industrialak eta gizarte-inklusioko egitasmoak.

Era berean, ekainaren hasieran KL katealegaiako taldearen eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioa den Naturklimaren arteko hurrengo topaketa adostu zen.

mesa redonda de debate

KLk Eibarko “Begi Bistan” jardunaldian parte hartu du

Atzo goizean “Begi Bistan” jardunaldian parte hartu genuen, Eibarko Coliseo Antzokian ospatua. Ekimen hau Kutxa Fundazioak, Eibarko Udalak, Debegesak eta Azitaingo Lanbide Heziketako Ikastetxeak antolatu zuten, eta helburu nagusia izan zen erakundeen arteko lankidetzaren balioa aztertzea, eta enpleguan, inklusioan eta kohesio sozialean eragina duten proiektuak ezagutaraztea.

KL katealegaia-k bi mahai-inguruetako batean parte hartu genuen, “Funtzionatzen duten proiektuak: esperientzia partekatuak sarearen ehuntzen jarraitzeko” izenekoan. Bertan gure esperientzia partekatu genuen, eta lurraldeko beste eragile batzuekin sarean egiten dugun lana azaldu genuen.

Gure ekarpenaren bidez azaldu genuen nola bultzatzen ditugun beharrizan handienak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko proiektuak, gizarte bidezko, inklusibo eta kohesionatuago baten alde lan eginez.

Halako jardunaldiak ezinbestekoak dira guretzat: ikaskuntzak partekatzeko, aliantza estrategikoak sendotzeko eta eredu sozial integratzaileago batera elkarrekin aurrera egiteko aukera ematen digute.

foto de equipo

KL Katealegaia eta Bidasoa LHIIk ‘Industry Aukera’ abiarazi dute

KL Katealegaia eta Bidasoa LHIIk Industry Aukera izeneko prestakuntza-ibilbidea abiatuko dute udazkenean, Bidasoa aktibak sustatutako Bidalan programaren baitan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Lanean estrategiaren barruan.

Programa hau desgaitasuna duten eta industria-sektorean esperientziarik ez duten emakumeei zuzenduta dago, eta haien enplegagarritasuna hobetzea du helburu. Horretarako, 495 orduko prestakuntza eta 80 orduko enpresa-praktikak eskaintzen dira, Makinetako Laguntza Lanetako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzeaz gain.

Industry Aukera Bidalan programaren jardueretako bat da, eta helburua da kolektibo zaurgarrien laneratzea sustatzea, hala nola denbora luzez langabezian dauden pertsonak, 45 urtetik gorakoak, titulaziorik gabeko gazteak edo gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak. Prestakuntza teknikoan eta, bereziki, gaitasun zeharkakoetan oinarritzen da, lan-merkatura sartzeko funtsezko tresna baitira.

Ekimen honek eskualdeko lankidetza-sare sendo bat du oinarri, eta bertan parte hartzen dute, besteak beste, Irungo La Salle, Fundazio Erromaniar Sekretaritza, Emaús Gizarte Fundazioa, Mendibil Pedagogia Elkartea, Lanbide eta KL Katealegaia.

KLrentzat, lankidetza hau sare-lanean aritzeko eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei, bereziki emakumeei, aukera errealak sortzeko konpromisoaren parte da.

socios galardonados en la junta anual KL 2025

KL katealegaiak bere Urteko Batzarra egingo du Tabakaleran

Joan den larunbatean, maiatzaren 10ean, Donostiako Tabakalera eraikinean KL katealegaiarentzat topaketa berezi bat egin zen: 2025eko Urteko Batzarra. Ekitaldi horretan, bazkideak bildu ziren giro hurbil eta positiboan, KLren orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromiso partekatua berretsiz.

Jardunaldian zehar, 2024ko memoria aurkeztu zen, ekitaldiko kontuak eta emaitzak onartu ziren, baita Administrazio Kontseiluak egindako kudeaketa soziala ere, besteak beste. Urtebeteko lanaren, lorpenen eta erronken errepasoa.

Unerik hunkigarrienetako bat KLn 35 urte baino gehiago eman dituzten pertsonak omentzeko bideo baten proiekzioa izan zen. Sentimenduz beteriko unea izan zen, eta, amaieran, merezitako errekonozimendu pertsonalizatua eman zitzaien bakoitzari, KL katealegaian egindako ibilbidea eta konpromisoa eskertzeko.


Amaiera gisa, jardunaldia Prisma espazioan amaitu zen, Tabakalerako goiko solairuan, eta bertaratutakoek Sharmak eskainitako kater batez gozatu zuten, etxeko marka den DJ Zirkinen musikaz lagunduta. Elkarrizketa, barre eta fotomatoiko selfi askoren artean, KL proiektuan parte hartzen dutenen oroimenean geratuko den egun bat itxi zen.

KL katealegaiak Donostiako ONCEren Urrezko Kriskitina irabazi du. Hartu ezazu parte!

KL katealegaian ospakizunetan gaude. Pertsonen babesari esker, 2025eko Urrezko Kriskitina jaso dugu, ONCE Euskadik herri-bozketa bidez ematen duen aitortza garrantzitsua. Sari honek KL katealegaiaren lana balioan jartzen du, Gipuzkoan desgaitasuna duten eta gizarte eta lan-bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonei kalitatezko enplegua sortu eta mantentzeko egiten duen esfortzua aitortuz.

Saria martxoaren 29an, larunbata, emango digute “ATEAK IREKITZEN. BRAILLE 200 URTE” XXIII. Kriskitin Lasterketaren ondoren. Lasterketa eguerdiko 12:00etan izango da, Zurriolako pasealekuan. Ekimen honek pertsonak ikusmen desgaitasuna dutenen azalean jartzeko gonbita luzatzen du, hiriko ibilbide bat eginez, antifaz batekin eta beste pertsona baten gidaritzapean.

Gonbidapena luzatzen dizuegu lasterketan parte hartzera eta elkarrekin ospatzera. Sentsibilizaziorako, inklusiorako eta elkartasunerako eguna izango da, eta KL katealegaiak bere konpromiso eta ilusio osoarekin parte hartuko du.

Eskerrik asko gu bozkatu gaituzten guztiei eta ONCE Euskadiri sari honengatik. Elkarrekin gizarte inklusiboagoa eraikitzen jarraituko dugu.

KL katealegaia bere 2024ko Jarduera Txostena aurkezten du

Urtero bezala, KLk 2024ko Jarduera txostena argitaratu du, aurreko urteko datu eta lorpen esanguratsuenak biltzen dituen dokumentua. Txosten honek erakundearen eragin positiboa islatzen du laneratzean, jasangarritasunean eta berrikuntzan.

Enpleguaren arloan, KLk 925 pertsonaren laneratzea sustatu du batez beste urtean zehar, eta horiei beste 66 gehitu zaizkie, enplegu-laguntzako programei esker.

Ekonomia arloan, KLk bideragarritasun ekonomikoa mantendu du, urtea emaitza positiboekin ixtea lortuz eta industria-proiektu estrategikoetan parte-hartzea indartuz.

Ingurumenaren ikuspegitik, erakundeak bere karbono-aztarna murrizteko konpromisoarekin aurrera egin du, Zarautz, Hernani eta Tolosako lantegietan eguzki-plakak instalatuz. Ekimen hauei esker, 3,3 milioi kWh energia berriztagarri sortu eta 330 tona CO₂ baliokide isurketak gutxitu dira.

Azkenik, KLk digitalizazioaren, elektromugikortasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua sendotu du, Gipuzkoan laneratze inklusiboaren erreferente gisa sendotuz.

Informazio hau eta gehiago 2024ko Jarduera txostenan aurki daiteke, KL taldearen esfortzua eta konpromisoa erakusten duen dokumentua, gizartean duen eragin positiboa gardentasunez islatuz.

entrega de premio Mutualia a KL

KL katealegaiak, Mutualiak Enpresako Aniztasunaren Sariarekin saritua

KL katealegaia Enpresako Aniztasunaren Sariarekin saritua izan da Mutualiak emandako aitortzan, lan-ingurune inklusiboak sortzeko duen konpromisoa nabarmentzen duena. Sari banaketa ekitaldia Mutualiaren ospitaleko areto nagusian izan zen, Gasteizen, mutua bere 125. urteurrena ospatzen ari den testuinguruan.

Ekitaldian zehar, Mutualiaren lehendakariorde Marta Barredok erakundearen 125 urteko ibilbidea nabarmendu zuen, La Previsora aseguru-etxearen sorreratik datorrena, 1900eko ‘Dato Legea’-ren ondoren. Bestalde, Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek enpresek prebentzioaren kultura lan-esparrutik harago sustatzeko duten garrantzia azpimarratu zuen, gizarte osoan eragina izan dezan.

KL katealegaiaz gain, Bellota Herramientasek Laneko Arriskuen Prebentzioaren Berrikuntza Saria jaso zuen. Halaber, 0Bidean sariak eman zitzaizkien Smurfit Westrock eta Trelleborg enpresei, lan-istripuak prebenitzeko egiten duten etengabeko ahalegina aitortzeko.

Aitortza honek KL katealegaia-ren aniztasun eta inklusioarekiko konpromisoa berresten du, bere filosofia enpresarialaren oinarri nagusietako bat baita.

portada de KL y logos

KL, Arizmendiarrieta Gipuzkoa 2025 Sariarekin saritua

KL katealegaia Arizmendiarrieta Gipuzkoa 2025 Sariarekin aitortua izan da, ekonomia sozialarekiko konpromisoa eta pertsona guztientzako aukerak sortzea balioesten duen saria. Edizio honetan, eta lehen aldiz historian, epaimahaiak bi erakunderi eman die saria, Gautenarekin partekatuz, TEA duten pertsonen arreta arloan erreferente den elkartearekin.

Sari honek KL KL katealegaiaren lana babesten du, eta gure misioa da egoera ahulean dauden pertsonen gizarte- eta lan-inklusioa sustatzea, proiektu produktibo jasangarrien bidez. KL katealegaian, egunero lan egiten dugu kalitatezko enplegua, prestakuntza eta laguntza eskaintzeko, gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baten alde eginez.

Sariaren banaketa ekitaldia ekainaren 17an izango da Deustuko Unibertsitateko campusean, eta bertan kooperatibismoaren eta ekonomia sozialaren ordezkariak bilduko dira.

Arizmendiarrieta Gipuzkoa Sariak urtero aitortzen ditu kooperatibismoaren eta gizarte-erantzukizunaren balioak sustatzen dituzten erakundeak. Inklusioa eta jasangarritasuna inoiz baino garrantzitsuagoak diren garai honetan, sari honek gure misioan aurrera jarraitzeko motibazioa ematen digu.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Arizmendiarrieta Fundazioari eta epaimahaiari sari honengatik. Sari hau KL Katea Legaiako kide guztiekin eta gure bidean laguntzen diguten guztiekin partekatutako lorpena da.

Elkarrekin, etorkizun inklusiboago bat eraikitzen jarraituko dugu.