Nagore Lanberri: “Lehen aldiz lan egin ahal izan nuen nire ezgaitasuna ezkutatu gabe, eta horrek askatasuna eman zidan”
Zein izan zen zure esperientzia KL-n, Seyprel-en lanean hasi aurretik, Enplegu Lagunduko (ECA) programaren bitartez?
KL-n izandako esperientzia oso ona izan zen, nahiz eta ordutegiagatik langileekin gutxi batzuetan gurutzatu. Beti erraztasunak eskaini zizkidaten, medikura joan behar nuenean ere bai. Hurbiltasun eta gizatasun handiko tratu bat jaso nuen, eta hori asko baloratzen dut. Lehen aldiz lan egin ahal izan nuen nire ezgaitasuna ezkutatu gabe, eta horrek askatasuna eman zidan. Fibromialgia daukat eta beste lanetan ezkutatu egiten nuen, epaitua izateko beldurrez. KL-n, egunen batean herrenka nindoala edo gaizki sentitzen nintzenez joan egin behar nuela esan nezakeen, eta ulertzen zuten. Ulermen horrek neu izan ahal izatea ahalbidetu zidan, beldurrik gabe. Oso eskertzekoa da hori. Denbora batez lanik gabe egon nintzen arren, ez genuen kontaktua galdu, eta Seyprel-en aukera atera zenean, berriro lagundu zidaten. Jarraikortasun hori oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Zer esan nahi izan du zuretzat ECA programaren bidez Seyprel-en lan egiteko aukera izateak? Nola izan zen zure egokitzapen prozesua lan berri horretan?
Nire bizitzako une oso gogor batean nengoen: ama galdu nuen, haren pisua nahitaez saldu behar izan nuen, eta nire etxeko maizterrek ez zuten alde egin nahi. Kalean ikusi nuen nire burua, norabide barik. Orduan, ia mirari modura, dena aldatu zen. Ezagun batek pisu bat eskaini zigun prezio onean, eta handik gutxira ECAtik deitu zidaten Seyprel-en elkarrizketa baterako. Denak oso azkar gertatu zen: egun gutxitan lanpostu bat nuen, nire etxea berreskuratu nuen, eta itxaropen berria sortu zitzaidan.
Seyprel-en lanera sartzea mugarri bat izan da nire bizitzan. Ezgaitasuna duen pertsona gisa, beti bilatu izan dut nire beharretara egokitzen zen lana: goizeko ordutegia, asteburu libreak, eta baloratua sentitzeko giroa. Hemen aurkitu dut hori. Lehen egunetik erraztasunak jarri zizkidaten, Mutrikutik joan-etorrian nenbilela ere bai, edo etxean lanak nituenean. Malgutasuna, konfiantza eta batez ere errespetua eskaini didate.
Lan honek ez dit soilik egonkortasun ekonomikoa eman; autoestimua ere berreskuratu dut. Baliagarria eta taldeko parte sentitzen naiz. Hilabete gutxi nituenean lanean, lankide baten ardura hartu behar izan nuen, eta horrek erakutsi zidan nire lana ikusten eta baloratzen dutela. Gaur egun, esan dezaket bizitza erabat aldatu didala, eta batez ere, bizitzeko gogoa eta poza itzuli dizkidala.
Nola lagundu dizu KL Katealegaiako taldeak Seyprel-en sartze prozesuan eta egunerokoan?
KL Katealegaiako taldea hasieratik izan da niretzat babes handia. Nahiz eta kontaktu etengabea ez izan, inoiz ez naiz bakarrik sentitu. Behar izan dudan bakoitzean, deitu eta entzun egin didazue. Kanpoko babes bat sentitzeak lasaitasuna eta segurtasuna eman dizkit prozesu osoan.
Zein aldaketa positibo nabaritu dituzu zure bizitza profesionalean eta pertsonalean ECA programari esker Seyprel-en lanean hasi zinenetik? Zer lan egiten duzu gaur egun?
ECA programari esker Seyprel-en hasi nintzenetik, aldaketa handiena autoestimuan nabaritu dut. Seguruago sentitzen naiz, buru-osasunez indartsuago, eta batez ere, pertsona eta profesional gisa baloratua. Horrek ez du soilik laneraginik izan; bizitza pertsonalean ere nabari da. Lehen, etxera emozionalki kargatuta iristen nintzen, laneko arazoekin. Orain, lanetik ateratzean deskonektatzeko gai naiz. Nire familiarekin, lagunekin egon, eta unean presente sentitzen naiz, laneko ardurarik gabe.
Hemen oso ondo tratatua eta errespetatua sentitzen naiz, eta horrek egun zailak ere arintzen ditu. Lasaitasun mentala berreskuratu dut. Aste Santuan, oporretan nengoela, norbaitek zapatak aipatu zizkidan eta, egunero saltzen ditudan arren, ez zitzaidan izena burura etortzen. Hori da benetako deskonexioa!
Halakorik inoiz ez nuen bizi izan. Baliagarria sentitu, errutina osasuntsu bat eduki, lankide onekin inguraturik egon eta lana eta bizitza pertsonala bereizi ahal izatea benetan baloratzen dut. Niretzat, horrelako lan bat izatea ez da soilik lan hobea izatea; bizitzeko moduan aldaketa bat da.
Gaur egun, Seyprel-en biltegian egiten dut lan: merkantzia jaso, antolatu eta bidalketak prestatu. Hasieran hiru lanpostu proposatu zizkidaten: vending makinentzako eskularruak manipulatu, furgonetan banaketak egin, eta biltegia. Hiruak probatu nituen, eta hasieran gutxien gustatu zitzaidan horretan geratu nintzen, eta gaur egun oso gustura nago. Lan fisikoa da, eta hasieran nekatuta iristen nintzen etxera. Min neukan zerbait esatea ere kosta egiten zitzaidan, jasateko ohituragatik. Denborarekin oreka lortu dugu: lankideek lan astunena egiten dute, eta nik antolaketan jartzen dut indarra. Oso talde ona gara eta gustura nago. Beti prest egon naiz behar dena egiteko, baina hemen nire tokia aurkitu dut.
Zer aholku emango zenieke ezgaitasuna duten eta ECA programaren bidez lana bilatzen ari diren pertsonei?
ECA programaren bidez lana bilatzen ari direnei, esango nieke ez daitezela beraiek mugatu saiatu gabe. Sarritan aukera bat ez dugula pentsatzen dugu, probatu gabe. Nik ez nuen inoiz pentsatu biltegian hain zoriontsu izango nintzenik, eta hemen nago. Beti saiatu behar da, eta ezinezkoa bada, orduan erabaki. Baina saiatu gabe, ez. Ostalaritzako lan bat ia baztertu nuen beldurrez… eta 16 pertsonako arduradun bihurtu nintzen. Ausartu egin behar da.
Halaber, jarrera positiboa duen jendez inguratu eta elkar animatzea oso garrantzitsua da. Denok ditugu une txarrak, baina garrantzitsuena da ez beheratzea. ECA programa oso positiboa iruditzen zait: ateak irekitzen ditu eta benetako laguntza eskaintzen du. Seyprel-en egunero ikusten dut hori. Gaitasun handiko jendea dago eta giro humanoa oso egokia da. Niretzat, bizitza aldatu didan aukera bat izan da.
Cristina Rojo (Seyprel-eko administratzailea): KLrekin eta Nagoreren egokitzapenarekin izandako esperientzia
Gure harremana KLrekin hornitzaile gisa hasi zen, lan arropak eta EPIak hornitzen hasi ginenean. Baina Cristina Matilla, enplegu lagunduko arduraduna, lanerako inklusio arloan elkarlanean aritzea proposatu zigun. Harrezkero (ia 10 urte dira), harremana bikaina izan da. KL-ekin lankidetzak lan-kontrataziorako prozesua errazten du: lanpostua eskaintzen dugunean, ECAko arduradunek hautagaia ezagutzen dute eta profilera egokitzen den ala ez badakite, bilaketa denbora murriztuz eta egokia izango den segurtasuna emanez.
Balio erantsia da prozesu osoan laguntzen gaituztela. Donostiako ordezkaritzan 18 pertsonako enpresa txikia gara, giro familiar eta hurbilekoa duena. Horrek langile berrien egokitzapena azkarrago eta gizatiarragoa izatea ahalbidetzen du. Lankideek dena hutsetik erakusten dute, eta eguneroko harremanak bilakaera naturala ahalbidetzen du.
Nagorerekin izandako esperientzia bikaina izan da lehen unetik, KLtik etorritako beste lankideekin bezala. Guztiek bikain egokitu dute eta talde finkatu baten parte dira gaur egun. Seyprel-en jende xumea eta hurbila gara; ez dugu exijentziarik, lankidetzatik lan egitea nahiago dugu. Horrek pertsonak eroso senti daitezen eta euren lanpostuan haztea ahalbidetzen du.
KL eta bere taldearen lana asko baloratzen dut, gure lana errazten baitute eta dakigulako sartzen den pertsona egokia izango dela normalean. Gure helburua beti izan da lan-kontratu mugagabeak lortzea, pertsonari eta enpresari egonkortasuna emateko. KL-rekin hori askoz errazago da. Beraz, gure eskerrik beroenak KL eta ECA programari.