KL katealegaiak 4.500 m²-ko lantegi industrial inklusibo berri bat sustatu du Arrasaten
Industriarako osagaiak industrializatu, produzitu eta muntatzeko gaitasun aurreratuak integratzen ditu, zenbait teknologia kontuan hartuta, eta Debagoienean desgaitasuna duten eta egoera zurgarrian dauden pertsonentzako kalitatezko enplegua sortuko du.
Arrasate-Mondragon, 2026ko otsailaren 18a. – KL katealegaiak bere ekoizpen lantegi berriko lehen harria jarri du Arrasaten, tradizio industrial, sarrailagile eta kooperatibista nabarmena duen herrian. Industria zentro moderno horri esker, ekonomia sozialeko enpresak gaur egun Aretxabaleta eta Bergarako ekoizpen zentroetan egiten duen jarduera bateratu eta modernizatu ahal izango du, eredu lehiakorrago, irisgarriago eta inklusibo baterantz aurrera egiteko.
Eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldian, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Maider Morras Arrasateko alkateak parte hartu dute, proiektua zuzenean laguntzen duten erakundeen ordezkaritza zabal batekin batera, horien artean egonik Lanbide, Rural Kutxa Gizarte Ekintza eta ONCE Fundazioa.
Instalazio berria San Andres auzoan altxatuko da, garai bateko Fagor Etxetresna Elektrikoen zati baten gainean, 4.500 m²-ko ekoizpen espazio egokitua izango du, eta KL katealegaiak lantzen dituen hainbat industria sektoretan proiektu industrialak garatzeko pentsatuta dago: mugikortasuna, energia, sarbide sistemak, autogintza, elektronika, jasokuntza, konfort-etxea… etorkizunean ekoizpen lerro berriak bultzatzeko.

Inklusio eta lehiakortasun motorra Debagoienerako
“Arrasateko lantegi berria pauso erabakigarria da KL katealegaiak dakarren proiektu industrial moderno eta lehiakorra eskualdean finkatzeko, eta, aldi berean, Debagoiena eskualdean desgaitasuna duten eta bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako kalitatezko enplegu aukerak zabaltzeko. Lurraldearekin batera hazten jarraitu nahi dugu, bere jarduera sektorean punta-puntako enpresa industrialekin lankidetzan, balio partekatua sortuz”, adierazi du Pablo Nuñez KL katealegaiako zuzendariak bere hitzaldian.

“Gurea bezalako komunitate, lurralde edo herri aurreratu baten erantzukizun nagusietako bat da pertsona guztiei lan ona eta ongizatea bermatzen dien ekonomia indartsu bat garatzea. Gipuzkoan eta Euskadin ardura hori hartzen dugu: ekonomia lehiakorra sustatzen dugu, eta, aldi berean, balio humano eta solidarioetan oinarritua”, adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Gogorarazi duenez, ahalegin hori “lankidetzan” oinarritzen da, eta KL katealegaia bezalako eragileen lana “ezinbestekotzat” jo du, beren proiektuekin lurraldearen “indar komunitarioa” gauzatzen dutelako, eta pertsona guztiei “lanerako eta bizitzarako aukerak” eskaintzen dizkietelako, bereizketarik gabe. “Guztion ekarpenari esker, ekonomia sozialean mundu mailako erreferentzia gara, enplegu babestuan erreferentzia gara, eta enplegu inklusiboan ere erreferentzia izan nahi dugu”, azpimarratu du, eta, norabide horretan, Arrasaten kokatuko den lantegi berriak Debagoienari eta Gipuzkoari “oso ekarpen garrantzitsua” egingo diela adierazi du.

Ildo horretan, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du lantegi berriak “ekoizteko gaitasuna, lehiakortasuna eta kalitate industriala” dakartzala, “enplegu zentro berezi lehiakor, industrial eta aldi berean erabat soziala” izan daitekeela frogatzen jarraitzeko. Horregatik, esan duenez, gaurko ekitaldiak “aukera berdintasunaren, lanaren duintasunaren eta inor atzean uzten ez duen industriaren aldeko konpromiso kolektiboa berresten du”. Torresek azpimarratu duenez, azken urteotan bere sailak KL katealegaia babestu du, eta Sailak bultzatutako enplegu-zentro berezien programei esker, “Euskadi gaur egun desgaitasunen bat duten pertsonen artean jarduera-tasarik handienak dituen autonomia-erkidegoa izatea oinarritzen ari gara: % 45,7k lan egiten dute edo lan bila dabiltza”. Lehendakariordeak gogorarazi duenez, 2024an, desgaitasuna zuten 14.000 lagunek lan kontratua zuten gure erkidegoan, baina, nabarmendu duenez, “garrantzitsuena da zifra bakoitzaren atzean historia, familia eta bizi proiektu bat dagoela”.

“Gaur hemen ematen dugun pauso hau aukeraz betetako ate bat da. KL katealegaiak erakusten du posible dela industria lehiakor eta berritzaile bat garatzea helburu sozial batekin, pertsonak erdigunean jarriz. Kalitatezko enplegua sor daitekeela, aukerak zabalduz, batez ere desgaitasuna duten edo gizartean eta lanean baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzat. Horrek komunitatea eraikitzea esan nahi du”, azpimarratu du Maider Morras herriko alkateak.

Bestalde, Rural Kutxaren Gizarte Ekintzako ordezkari Javier Martínezek, azpimarratu du “Aliantza honek aukera gehiago emango dizkie Debagoieneko desgaitasuna duten edo ahultasun-egoeran dauden pertsonei, industria-sektorean kalitatezko lanpostu berriak sortzearen bidez. Era berean, hobetuko dira orientazio sozio-laboraleko zerbitzua eta lagundutako enpleguaren programak ere; horiei esker, pertsona horiek eskualdeko beste enpresa batzuetara igaro ahal izango dira, enplegagarritasun-ibilbide pertsonalizatuen bidez”.

“ONCE Gizarte Taldea eta bere Fundazioa beti egon dira KLtik gertu. Enpresa ikuspegia partekatzen dugu, eta badakigu gure erakundeen helburua, funtsean, desgaitasuna duten pertsonentzako kalitatezko enplegua sortzera bideratzen dela, enplegu zentro berezien eta gure bazkideekiko lankidetza eta aliantzen bidez. Ez dugu inor atzean uzten, ez dugu inor kanpoan uzten. ONCE Fundazioan pozik gaude, beste behin ere, aukera dugulako KLrekin lankidetzan aritzeko, eskualdean 200 lanpostu finkatzeko eta handitzeko proiektuarekin”, nabarmendu du Virginia Carcedok, Insertako Elkarteen idazkari nagusi eta lehendakariorde exekutiboak.

Arrasateko lantegi berria inklusiorako eta lehiakortasunerako motor gisa planteatzen da:
- Dagoeneko 130 pertsonak duten enplegua mantentzea bermatuko du.
- Lehen bi urteetan gutxienez 25 lanpostu berri sortzeko aukera emango du.
- Etorkizunean 200 pertsonako plantilla bat lortzeko oinarriak finkatuko ditu.
- Ibilbide soziolaboralak, formazioa eta laguntza indartzea dakar.
Horrez gain, proiektuak aurreikusten du prozesuak modernizatzea, irisgarritasuna hobetzea eta industria jarduera aurreratuetarako espazioak egokitzea, KLk jarduten duen sektore guztietan.
KL katealegaia
KL lan sozietate bat da, bera osatzen duten pertsonen jabetzakoa. Bere balioak dira parte hartzea, gardentasuna, jasangarritasuna, etengabeko hobekuntza eta guztien ongia. Pertsonen bizi kalitatea hobetzea nahi du, kalitatezko enpleguaren, lankidetzan aritzeko enpresa industrialen garapenaren eta Gipuzkoako gizartearen kohesio eta aurrerapenaren bidez. Desgaitasuna duten eta bazterketa arriskuan dauden 1.000 pertsona enplegatzen ditu Gipuzkoan, bere hamabi ekoizpen plantetan eta lagundutako enplegu programak dituzten beste enpresa batzuetan.
