KL katealegaiako Pablo Núñez ASLEko Zuzendaritza Batzordean sartu da

Ampliar imagen
[GATZA – ASLE aldizkarian argitaratutako elkarrizketa]
2023ko maiatzaren 12an, Donostiako Miramar Jauregian, ASLEren urteko Batzar Nagusia egin zen, eta bertaratutako enpresa guztien aho bateko botoarekin, Zuzendaritza Batzordea partzialki berritu zen. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ordezkari gisa KL KATEALEGAIA hautatu zen, eta haren izenean Pablo Núñez gerentea sartuko da Zuzendaritza Batzordean. Ongietorria ematen diogu, eta arrakasta handia nahi dugu.

KL KATEALEGAIA irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundea da, eta Gipuzkoan bazterketa-arriskuan dauden eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonei enplegu duina eta kalitatezkoa erraztea du helburu.

Gaur egun, mila pertsona baino gehiagori ematen die lana Lurralde Historikoko eskualde guztietan banatutako hamabi produkzio-zentroetan, bai eta inguruko beste enpresa batzuetan ere, Enplegu Lagundurako Programaren barruan. Kapital sozialaren ehuneko 75 langileen jabetzakoa da.

KL KATEALEGAIAk garatzen duen jarduera industria-jarduera laguntzailea da, gero eta balio erantsi handiagoa duena eta hainbat teknologia (ikusmen artifiziala, elektronikoa, tanpografia, soldadura, mekanizazioa, laserra, beste batzuk) eskatzen dituena sektoreko puntako bezeroentzat, zortzi sektoretan proportzionalki banatuta (automozioa, mugikortasuna, energia, sarbide-sistemak, goratzea, etxeko erosotasuna, elektronika, eta abar).

Lurraldeari dagokionez, KL KATEALEGAIAk modu aktiboan laguntzen du gizarte bidezkoago baten alde, erakundeekin, elkarte garrantzitsuekin, bezeroekin eta tokiko esparruarekin batera.

KL KATEALEGAIAko zuzendari nagusi Pablo Núñezekin hitz egin dugu, ASLEko Zuzendaritza Batzordean laster izango duen parte-hartzeari buruz dituen iritziak eta itxaropenak konta diezazkigun. Pablo zientzia kimikoetan lizentziaduna da, kudeaketan (MBA) prestakuntza du eta aholkularitza teknikoko, antolakuntzako eta kudeaketako ardura postuetan eskarmentu handia du.

Pablo, zer itxaropen dituzu ASLEko Zuzendaritza Batzordean sartzearekin?

Itxaropenak guztion esperientzietatik ekarpenak egitera eta ikastera bideratuta daude, pertsonek enpresetan eta erakundeetan duten parte-hartzearen alderdi ukigarrietan sakontzeko asmoarekin, gizarte arduratsuago, bidezkoago eta hobeago baterako funtsezko bitarteko gisa.

Zer ematea espero duzu?

Ilusio guztiarekin noa ia 20 urteko kudeaketan ikasitako esperientzia guztiak partekatzeko. Mila pertsonako erakunde bat da, eta buru-belarri landu ditu gobernantza-eredua, sareko lankidetza aktiboa, merkatuaren egungo eta etorkizuneko premien araberako industria-garapena eta ingurunearen eta gizartearen aldaketekin bat datorren antolaketa-bilakaera. Betiere, lan-sozietateak eta enpresa partaidetuak definitzen dituzten balio humanistei eutsiz: gardentasuna, koherentzia, sinesgarritasuna, proaktibitatea eta gizarte hobe baten aldeko ilusioa.

Zure ustez, zeintzuk dira datozen urteetan ASLEren erronkak?

Erronka garrantzitsuak daude, eta horiei aurre egiteko eraldaketa-palanka bat da ASLE. Enpresen erabaki arduratsuetan eta gizarte bidezkoago eta konprometituago baten eraikuntzan pertsonek parte hartzeak duen garrantzia eta lehengoratzea adibide zehatzekin ikusaraztea. Eta erakunde horien hedapena eta garapena aktiboki bultzatzea Euskadin, ikuspegi ekonomiko eta sozial bikoitzetik.

Eskerrik asko