KL katealegaia eta Rural Kutxa batzen dira Arrasateko industria-planta inklusibo berria bultzatzeko
Hitzarmen honek bi erakundeen lan inklusibo eta kalitatezkoarekiko konpromisoa sendotzen du, eta KLk Arrasateko San Andres auzoan garatuko duen industria-pabiloi berria abian jartzeko aurrerapausoak ematea ahalbidetuko du.
Donostia, 2025eko azaroaren 25a.– KL katealegaia (KL) eta Rural Kutxaren Gizarte Ekintza elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute, KLk Arrasaten martxan jarriko duen industria-planta berria bultzatzeko helburuz. Instalazio hau San Andres auzoan kokatuko da, eta xede sozial eta industrial sendoarekin diseinatu da; horri esker, desgaitasuna duten eta gizarte- eta lan-bazterketako arriskuan dauden 130 pertsonaren enplegua sendotu ahal izango da, eta hurrengo urteetan lanerako aukera berriak sortuko dira.
Rural Kutxaren Gizarte Ekintzarekin sinatutako akordioak funtsezko sostengua dakar KL katealegaiarentzat estrategikoa den ekimen bat aurrera eramateko: gaur egun Aretxabaletako eta Bergarako ekoizpen-zentroetan banatuta dagoen jarduera industriala bateratu eta modernizatzea. Pabiloi berriak 4.500 m²-ko espazio produktibo egokitua izango du, eta horri esker, sektore hauetan garatu ahal izango dira industria-proiektuak: sarbide-sistemak, mekanizazioa, elektronika, kalitate-kontrola eta multiosagai-muntaketak. Era berean, inguruko enpresekin lankidetzan oinarritutako jarduera-lerro berriak bultzatuko dira, baita pertsonen arreta eta haien gizarte- eta lan-ibilbideen laguntza eta garapenerako espazio moderno berriak sortu ere.

Hitzarmena Rural Kutxaren lurralde-garapen sozialarekiko konpromisoaren parte da. Bere Gizarte Ekintzaren bidez, inklusioa, aukeren berdintasuna eta lan duina erdigunean jartzen dituzten ekimenak bultzatzen dira, lurralde-kohesioari eta garapen iraunkorrari laguntzen dieten proiektu estrategikoak babestuz. Ildo horretan, erakunde finantzarioak ekonomia-babesa emango dio KLren industria- eta gizarte-proiektuaren gauzatzeari, 2025 eta 2026ko ekitaldietan urteko lankidetzaren bidez, akordioan jasotzen den bezala.
KLko zuzendari Pablo Nuñezen hitzetan, hitzarmenaren garrantziari eta eskualdean izango duen eraginari dagokienez, honakoa nabarmendu du: hitzarmenari esker, desgaitasuna duten edo bazterketa-egoeran dauden pertsonen langabezia-tasak murriztu ahal izango direla, enplegu-behar berriei erantzun, lan-aukerak sortu eta prestakuntza- eta laguntza-metodologia berriak garatu Debagoienean; betiere, zentro honetan sortzen diren industria-beharrei erantzungo dieten lan-aukera ezberdinak eskainiz.
Bestalde, Rural Kutxaren Gizarte Ekintzako ordezkari Javier Martínezek, akordioaren gizarte-ikuspegiari buruz, hau azpimarratu du sinadura aurretik: «Aliantza honek aukera gehiago emango dizkie Debagoieneko desgaitasuna duten edo ahultasun-egoeran dauden pertsonei, industria-sektorean kalitatezko lanpostu berriak sortzearen bidez. Era berean, hobetuko dira orientazio sozio-laboraleko zerbitzua eta lagundutako enpleguaren programak ere; horiei esker, pertsona horiek eskualdeko beste enpresa batzuetara igaro ahal izango dira, enplegagarritasun-ibilbide pertsonalizatuen bidez.»
Arrasateko planta berria inklusiorako eta lehiakortasunerako motorra izango da: gaur egungo enplegua bermatuko du, lehen bi urteetan gutxienez 25 lanpostu berri sortzea ahalbidetuko du, eta etorkizunean 150 langiletik gorako plantilla lortzeko oinarriak ezarriko ditu. Proiektuak, gainera, prozesuen modernizazioa, irisgarritasunaren hobekuntza eta industria-jarduera aurreratuetarako espazio espezifikoen egokitzapena dakar, bereziki elektronika eta automobilgintza arloetan.
KL katealegaia irabazi-asmorik gabeko gizarte-interesekotzat deklaratutako lan-sozietatea da; bere eginkizuna da desgaitasuna duten eta gizarte- eta lan-bazterketako arriskuan dauden pertsonentzat kalitatezko enplegua sortzea Gipuzkoan. Gaur egun, Lurraldeko enplegagarritasun-beharrak dituzten ia mila pertsona ari da enplegatzen. Hornitzaile industrial integral gisa jarduten du honako sektore hauetan: automobilgintza, mugikortasuna, energia, elektronika, sarbide-sistemak, igotzeko sistemak, etxeko erosotasuna eta ekipamendu profesionala, bikaintasun industriala eta inpaktu soziala uztartuz.
Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaz
Rural Kutxak, bere Gizarte Ekintzaren bidez, lan ongileak, sozialak, hezitzaileak, kirol arlokoak, kulturalak, zientifikoak, ingurumenekoak eta sustapen ekonomiko-profesionalekoak garatzen ditu, ikuspegi eraldatzaile batekin, gizartearen behar ezberdinei erantzunez.
Gizarte Ekintza honen misioa da pertsonek eta, oro har, gizarteak aurrera egitea sustatzea, bereziki kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainiz; izan ere, helburu hori programa propioen, aliantza estrategikoen edo hirugarrenekin egindako lankidetzaren bidez gauzatzen da.