Accessibility Tools

Skip to main content
Empresa

KL katealegaiak eta Oarso Bidasoko Industrialdeak Irungo KL pabiloi berria erosteko kontratua sinatu dute

05/08/2021
KL katealegaiak eta Oarso Bidasoko Industrialdeak Irungo KL pabiloi berria erosteko kontratua sinatu dute

Joan den ostiralean, 21/07/30ean, KL katealegaiak eta Oarso Bidasoko Industrialdeak kontratu bat sinatu zuten, zeinari esker KL katealegaia Irunen eraikitzen ari diren pabilioi berriaren jabe egingo den.

Inbertsio eragiketa hori, hain zuzen, KLk bere Plan Estrategikoan eta urte askoko Inbertsio Planean jasotako azpiegituren arrazionalizazio eta hobekuntza prozesuaren barruan dago, eta urrats bat da egungo industria prozesuen espezializazioan, bai eta Bidasoa-Txingudi eskualdean jarduera eta enplegua finkatzeko eta indartzeko balio duten ekimen eta proiektu berrien garapenean ere.

Irungo Bentak auzoko industriagune berri horrek 3.000 metro koadroko oinplano garbia izango du, egokitzapen bereziekin. Horri esker, gaur egun martxan dauden bost industria proiektuak sendotu ahal izango dira, eta, horrekin batera, enplegu aukerak sortuko dira eskualde honi lotuta dauden eta lan zein gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzat.

Exekuzio lanak abuztuan hasi dira: egungo egiturak eraitsi dituzte. Gauzatze eta egokitze lanak hurrengo 14 hilabeteetan egingo dira, eta datorren urteko bigarren zatian amaitzea dago aurreikusita.