Ana Arruti Ernategi – Bizitza oso bat KLn
Orioko udalak Gure Ametsa elkarteari lagatako lokal batean hasi nuen nire lan etapa, Mutrikun Danok-Anairekin, Bergaran Elbarri-Lanekin edo Pasaian Itzalarekin gertatu zen bezala. Tailer haietako gehienetan egiten ziren lanak, besteak beste, zulaketa edo errematxe errazak izaten ziren, inguruko bezeroentzat. Urte baten buruan, administrari laguntzaile lanetan hasi nintzen.
Katea tailer txiki horien batasunetik sortu zen, helburuak izanik egitura bat bateratzea, une zailetan laguntzea eta erantzukizun eta konpromiso irudi bat eskaintzea instituzioen aurrean, horiengatik izan ez balitz ezin izango baikenuen proiektuan jarraitu.
Industriaren arloan eta zerbitzuenean bidea irekitzen saiatu ginen, baina ez zen espero bezala atera. Krisi egoera hartatik aurrera egiteko, ekarpen ekonomiko bat egin behar izan genuen, 4 paga erdikoa, Diputazioak eman zigun laguntzarekin batera, baita ekonomikoa ere. Une hartatik aurrera, KLko langile hutsak izateari utzi eta enpresako bazkide ere bihurtu ginen.
Katea eta Legaia batuta- antzeko enpresa zen–, gaur egun KL katealegaia dena sortu zen. Horrela hasi zen gure eboluziorik handiena; lagatzen zizkiguten lokaletan lan egitetik geure pabiloi berriak izatera iritsi ginen, mota askotako makinak eta modernoak, eta gure lanaz, dedikazioaz eta kalitateaz fio ziren bezeroak genituen.
Enpresaren ordezkaritza organoaren barruan, Administrazio Kontseilua dago, eta ni horko kide izan naiz, lehendakari eta kontseilari zereginetan. Organo horretan oso erabaki garrantzitsuak hartzen dira enpresaren etorkizunerako, eta, niretzat, harrotzeko arrazoia da horietako kide izatea, KL enpresa moduan garatzeko, proiektu industrial gero eta garrantzitsuagoekin, horrek aukera eman digulako kalitatezko enplegua sortzeko eta mantentzeko Gipuzkoan gehien behar duten pertsonentzat.
Pertsonalki, uste dut desgaitasuna duten edozeinek izan beharko lukeela aukera enpresa arrunt batean lan egiteko, baina argi daukat, KL katealegaia bezalako erakundeengatik ez balitz, gutako askok ez genuen lan merkatuan sartzeko modurik izango.
Hemen beti sentitu naiz oso babestuta, eta oso une politak bizi izan ditut, maitasun handiz gogoratzen ditudanak, lankideekin disfrutatuz, lan arloan zein kanpoan.
34 urteko lan eta dedikazioaren ondoren, ordea, denok espero dugun unea iritsi da, eta ilusioz heltzen diot etapa berri honi. Hemendik aurrera bizitzaz disfrutatuko dut, inork ez baitaki zenbat iraungo duen. Yoga egingo dut berriro, mendian eta hondartzan paseatu, eta auzoko Garmendiazpi Elkartean jarraituko dut, gazteentzako jaiak eta ekintzak antolatzen. Eta, akaso, berriro onartuko naute herriko abesbatzan, betidanik izan baitut oso gustuko kantatzea.
Eman didaten aukera hau baliatuz, agurtzeko, eskerrak eman nahi nizkizueke lankide guztiei, une zailetan eman didazuen laguntzagatik, baita barkamena eskatu ere, inoiz mindu bazaituztet.
Espero dut KLren eta langileen etorkizunerako nahi duzuen guztia lortuko duzuela.
Aupa!