Gipuzkoa gizarteratzearen alde
Gipuzkoako Foru Aldundiak hil honetan aurkeztu du datozen bost urteetarako Gizarteratzeko II. Plana, pertsonalizazioan aurrera egiteko eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak artatzeko eskualdeko sareak bultzatzeko.
Elkar EKIN 2022-2026 Gizarteratze Plan honen helburua da lurralde osoa inplikatzea desberdintasunen eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren hitzetan, plan fokalizatua, zeharkakoa eta orientatzailea da, eta, gainera, eguneroko bizitzako hainbat dimentsio hartzen ditu kontuan, funtsezkoak direnak gizarteratze- eta baztertze-prozesuetan, lurralde-ikuspegiaz, zerbitzuen pertsonalizazioaz eta profilen eta beharren estratifikazioaz gain.
KL katealegaiak, lurraldeko beste 50 erakunde sozial eta publikorekin batera, joan den asteleheneko aurkezpenean parte hartu zuen Hernaniko Orona Ideon, eta gizarteratzearen aldeko eta desberdintasunen aurkako konpromisoa berretsi zuten. Gizarteratze-plan batekiko konpromisoa, lau ekintza-ardatzetan oinarritzen dena: lehenengoa, prebentzioaren, komunitate-aktibazioaren, sentsibilizazioaren eta parte-hartzearen ingurukoa; bigarrena, enplegu-sistemen, diru-sarreren bermearen, justiziaren, osasunaren, etxebizitzaren eta prestakuntzaren ingurukoa; hirugarrena, gizarteratzeko gizarte-zerbitzuen sistemaren sendotzeari buruzkoa: eta laugarrena, eragile guztiak koordinatzea eta planaren gobernantza artikulatzea helburu duena.
Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren testuinguruan sortutako ekimen horri esker, Gipuzkoak aurrera egiten du, erabakitasunez, gero eta gizarte inklusiboagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa lortzeko bidean.